logo

Gaur egun bat datoz gure elizbarrutia osatzen duten herriak, eta Gipuzkoako lurralde historikoa osatzen dutenak; iraganean, ordea, herri horiek guztiak ez dira elizbarruti bereko izan. Erdi Aroaz geroztik eta Aro Modernoan zehar ere, hiru gotzain-barruti ezberdinetan kokaturik zeuden. Gerora, XIX. Mendeko bigarren erdialdean, bildu ziren gotzain-barruti berera eta, mende bat geroago, bilakatu ziren Donostiako Elizbarrutia deritzana. Hala bada, jarraian, laburbilduz Gipuzkoako parrokia ezberdinak non eta noren jurisdikzio pean zeudenaren berri emango dugu:

Baionako Elizbarrutia (980–1567)

Gotzaindegi hau gisa honetan osaturik zegoen X. mendeaz geroztik: Lapurdiko parrokiak eta hein batean Nafarrokoa Beherekoak, Baztan eskualdea eta Bortz Hiriak eta gipuzkoar zenbait parrokia, Gipuzkoako Artziprestalde Txikia izenez edo Hondarribiko Artziprestaldea zeritzana. Artziprestalde honetako parrokiak tarte batean, 1526-1532 urte bitartean, ez ziren Baionako Gotzainaren eskumeneko izan, Iruñeko eliz jurisdikzioko baizik.

Urte batzuk geroago, 1567an, Pio V.a aita santuak eman bulda baten bitartez (1566/IV/30), Hondarribiko Artziprestaldea edo Artziprestalde Txikia zeritzana Iruñeko Elizbarrutian sartua geratu zen behin betiko.

Kalagorriko Elizbarrutia (X. mendea1862)

Bazen jada X. mendean, eta beronek 1067an bere baitan hartu zuen antzinako Arabako Elizbarrutia. Horrela, hedapen handiko zonaldea hartzen zuen, ia Errioxa guztia, Bizkaia, Araba, Burgos eta Soriako zatiak, Biana eta inguruak (Nafarroa) eta Deba arroa (Gipuzkoa). Leintz Artziprestaldeko parrokiak eta handik kanpo Bergara, Elgoibar eta Oñati eta Astigarribiako San Andres bildu zituen beregana.

Iruñeko Elizbarrutia (XI–1862)

Hona XI. mendean Iruñeko Elizbarrutiak bere baitan zeuzkan lurraldeak: Nafarroaren zati handi bat, Nafarroa Mendialdeko Bortz Hiriak, Donostia eta Pasai San Pedrotik Mutrikurainokoa eta Gipuzkoako barnea, Oñati eta Deba Arroa salbu. Artziprestalde Nagusia edo Gipuzkoako Artziprestaldea osatzen zuten Gipuzkoako parrokiarik gehienak elizbarruti honetako partaide ziren. Eta 1567. urtetik aurrera, Baionako Elizbarrutitik bereizi eta Iruñekora bildu ziren Gipuzkoako Artziprestalde Txipiko parrokiak ere.

Gasteizko Elizbarrutia (1862–1950)

Denborarekin, 1862an, Gipuzkoako herri eta parrokia guztiak, Araba eta Bizkaikoekin batera, Gasteizko Elizbarrutia izan zena osatzera pasatu ziren. Orduan sortu zen Gasteizko Elizbarrutia, Pio IX.ak eman In Celsissima buldaren bitartez (1861/IX/8). Hala, Gipuzkoa barneko parrokiak lau artziprestalde ezberdinetan banaturik geratu ziren:Azpeitia, Bergara, Donostia eta Tolosa.

Donostiako Elizbarrutia (1950–gaur egun arte)

Abiapuntu, Pio XII.ak eman Quo Commodius (1949/XI/2) bulda izan zuen, Nuntzio Apostolikoak 1950eko uztailaren 1ean gauzatu zuelarik. Bulda hau bitarteko, banandu ziren nola Bizkaiko hala Gipuzkoako parrokiak Gasteizko Elizbarrutitik, eta hala sortu, alde batetik Bilboko Elizbarrutia eta, bestetik, Donostiakoa. Horrelaxe sortua da gure Elizbarrutia, bere baitan Gipuzkoa lurraldeko herri nahiz eskualde guztiak hartu zituelarik.

Berau sortu zenez geroztik, honako sei Gotzain hauek izan dira Donostiako Elizbarrutiaren buru: Jaime Font i Andreu jauna, Lorentzo Bereziartua Balerdi jauna, Jazinto Argaia Goikoetxea jauna, Jose Mari Setien Alberro jauna, Joan Maria Uriarte Goirizelaia jauna, eta egun Jose Ignacio Munilla Aguirre jauna. Biztanlegoari dagokionaz, 1950ean 371.024 biztanle izatetik, egun 700.000 inguru izatera pasatu da.

Ikusi argazki guztiak